Zergatik da hain erraza talde batzuetan elkarlanean aritzea eta beste batzuetan ez?
Zergatik da talde batzuetan hain erraza elkarlanean aritzea eta beste batzuetan hain zaila? Erakundeen kulturak eta egunero eraikitzen dugun testuinguruak eragina dute harremantzeko, elkarlanean aritzeko eta erronkei elkarrekin aurre egiteko dugun moduan.
Talde batzuetan, laguntza eskatzea munduko gauzarik normalena da.
Zerbait ez badakizu, esan egiten duzu. Ideia bat guztiz landuta ez baduzu ere, partekatu egiten duzu. Beste sail bateko norbaitek lagundu badiezazuke, harengana jotzen duzu. Eta zerbait gaizki ateratzen bada, elkarrekin saiatzen zarete zer gertatu den ulertzen eta irtenbidea bilatzen.
Beste talde batzuetan, ordea, kontrakoa gertatzen da.
Kosta egiten zaigu zerbait ez dakigula aitortzea. Informazio jakin bat gure sailaren barruan gordetzen dugu. Eta arazo bat sortzen denean, energia handia jartzen dugu erabakia nork hartu zuen edo ardura norena zen argitzen.
ZERGATIK GERTATZEN DA HORI?
Pentsa genezake talde batzuetan beste batzuetan baino pertsona kolaboratiboagoak daudela.
Baina agian kontua ez dago pertsonengan bakarrik.
Ez da gauza bera akats bat ikasteko aukera gisa hartzen den erakunde batean lan egitea edo akats hori zure kontra erabil daitekeen batean. Ezta helburu partekatu baten alde lan egitea edo norberaren emaitzengatik lehiatzea ere.
Testuinguruak ere baldintzatzen du elkarren artean harremantzeko eta lan egiteko dugun modua.
Hau ere erakundeen kultura da
Duela gutxi blog honetan genioen erakundeen kultura gauza txikiekin eraikitzen dela.
Elkarlanean aritzeko modua ere horietako bat da.
Zer informazio partekatzen dugun. Noiz eskatzen dugun laguntza. Nola erantzuten dugun akatsen aurrean. Desadostasunak adierazteko zenbateko askatasuna dugun. Edo helburu partekatuak zenbateko pisua duen sail bakoitzaren interesen aurrean.
Eguneroko portaerak dira, baina asko esaten dute erakunde batek benetan nola funtzionatzen duen.
Duela gutxi William A. Guilloryren eredu batekin egin genuen topo, eta dinamika horiei beste ikuspegi batetik begiratzeko balio izan digu.
Guilloryk hiru egoera bereizten ditu harremantzeko moduetan: biziraupena, bateragarritasuna eta espiritualtasuna. Manahmanan, talde eta erakundeekin dugun esperientziatik abiatuta, ideia hori gure modura interpretatu dugu:
AUTOBABESA → ELKARLANA → SORKUNTZA
Autobabesa: ni zure aurrean
Zerbait galtzeko arriskua sentitzen dugunean, geure burua babesteko joera dugu.
Gure eremua defendatzen dugu, ez dugu gehiegi erakusten gure iritzia eta gure posizioan edo arduretan jartzen dugu arreta.
Erronka bera bigarren planoan geratzen da.
Elkarlana: ni zurekin
Geure burua babesteko behar hori gutxitzen denean, beste modu batera lan egiteko aukera zabaltzen da.
Beste ikuspegi batzuk entzuten ditugu, dakiguna partekatzen dugu eta aurrera egiteko elkarren beharra dugula ulertzen dugu.
Bestea ez da jada aurrean dugun norbait, gurekin batera lan egiten duen norbait baizik.
Sorkuntza: gu, erronkaren aurrean
Eta beste urrats bat ere egin dezakegu: arreta zugan eta nigan jarri beharrean, aurrean dugun erronkan jartzea.
Ideiek jabe izateari uzten diote neurri batean, besteen ekarpenetatik abiatuta eraikitzen dugu eta bakarka nekez aurkituko genituzkeen erantzunak sor daitezke.
Ni zurekin egotetik gu, erronkaren aurrean egotera pasatzen gara.
Horrek lotura zuzena du fazilitazioaren bidez bilatzen dugunarekin: talde batek, elkarrekin, pertsona bakoitzak bere kabuz pentsatuko lukeena baino hobeto pentsatzeko baldintzak sortzea.
Kultura ez da PowerPoint batean aldatzen
Guilloryren beste ideia bat ere bereziki interesgarria iruditzen zaigu.
Small acts of transformation aipatzen ditu: gure harremanen kalitatea pixkanaka aldatzen duten eguneroko ekintza txikiak.
Hitzemandakoa betetzea.
Norbaiten ekarpena aitortzea.
Informazioa partekatzea.
Aurrera egin ezinik dabilenari laguntzea.
«Ez dakit» esatea.
Nire taldeaz hitz egiteari utzi eta gure erronkaz hitz egiten hastea.
Kultura ez baita soilik garela esaten dugun hori.
Kultura asteartero, goizeko 10:37an, elkarren artean egiten dugun hori da.
Eta agian hor dago kultura eraldatzeko gakoetako bat.
Ez bakarrik aldaketa-proiektu handietan, baita egunero, besteekin lan egiteko modua eraikitzen duten interakzio txiki horietan guztietan ere.