Ezagutzetara itzuli

Team building saio batek alda dezake talde baten lan egiteko modua?

Arazoa ez da team building saiorik ez egitea, urteko beste 364 egunetan erakundean gertatzen dena baizik.




Arazoa ez da team building saiorik ez egitea, urteko beste 364 egunetan erakundean gertatzen dena baizik.

Duela gutxi Gracias, equipo ikusi nuen, Netflixeko komedia bat.

Filma nahiko surrealista da, baina umorearen atzean erakunde askotan gertatzen diren egoerak agertzen dira: bere botereaz baliatzen den zuzendari bat, elkarren artean lehian dabiltzan taldeak, gatazkak, egoak, segurtasun falta…

Eta, horren guztiaren erdian, taldea elkartzeko team building egonaldi bat!

Filmak egoerak muturrera eramaten ditu, noski. Baina hainbat gairen inguruan hausnartzera eraman ninduen.

ARAZOA PERTSONENA DA EDO LANTOKIAN LANA EGITEKO MODUARENA?

Askotan, taldeetako arazoez hitz egiten dugunean, pertsonak jartzen ditugu arazoen erdigunean.

Ez direla elkarlanean aritzen, ez direla ondo komunikatzen, sail bakoitza bere aldetik dabilela…

Baina galdetzen al diogu geure buruari zerk eragiten dituen jokabide horiek?

Ezin dugu elkarlana eskatu erakundeak sailen arteko lehia sustatzen badu. Eta ezin dugu konfiantza sortzea espero egunerokoan beldurra edo ziurgabetasuna nagusi badira.

Taldeek ez dute erakundearen kulturatik aparte funtzionatzen. Pertsonen arteko harremanetan eragina dute lidergoa gauzatzeko moduak, erabakiak hartzeko erak eta onartzen diren jokabideek.

Horregatik, pertsonei zer gertatzen zaien galdetu aurretik, agian komeni zaigu haien inguruan zer gertatzen ari den aztertzea.

FAZILITATZEA EZ DA JARDUERAK ANTOLATZEA BAKARRIK

Filmeko beste xehetasun batek ere zer pentsatua eman zidan.







Giza Baliabideetako arduradunak eta Zuzendari Nagusiak egonaldia antolatzen dute, eta aktore bat kontratatzen dute jarduerak dinamizatzeko.

Aktoreak eskatutakoa egiten du. Baina nork hartzen du bere gain jarduera horietan gertatzen denaren ardura?

Fazilitatzailea naizen aldetik, galdera hori bereziki garrantzitsua iruditzen zait.

Manahmanan ez gara dinamikak antolatzera mugatzen. Taldeek hitz egiteko, dituzten zailtasunei heltzeko eta elkarrekin lan egiteko modu berriak bilatzeko espazioak sortzen ditugu.

Horretarako, ondo pentsatu behar dugu jarduerak nola planteatu, zer galdera egin eta sor daitezkeen tentsioak nola kudeatu.

Izan ere, gaizki planteatutako dinamika batek pertsonak egoera deserosoetan jar ditzake, edo lehendik dagoen gatazka bat areagotu.

Gure ardura ez da kontratatzen gaituenarekiko bakarrik; parte hartzen duten pertsonekiko ere bada. Eta, batzuetan, horrek esan nahi du eskatzen digutena zalantzan jarri behar dugula.

ZER LOR DEZAKEGU BENETAN TEAM BUILDING EGUN BATEKIN?

Team building jarduera bat dibertigarria izan daiteke, elkar hobeto ezagutzeko balio dezake eta elkarrekin une onak pasatzeko aukera eman.

Eta horrek ere badu bere balioa.

Baina talde bat eraikitzea egun bateko jarduera bat egitea baino askoz gehiago da.

Ondo prestatutako saio batek elkarrizketa garrantzitsuak abiarazteko, zailtasunei heltzeko eta elkarrekin lan egiteko moduari buruzko akordioak lortzeko balio dezake.
Kontua da gero zer gertatzen den.

Izan ere, hurrengo egunean betiko ohituretara, gatazketara eta harremanetara itzultzen bagara, zaila izango da benetako aldaketarik gertatzea.

Agian, taldea elkartzeko jarduera bat antolatu aurretik, beste galdera bat egin beharko genioke geure buruari:

Zer aldatu behar dugu lan egiteko moduan, urteko beste 364 egunetan ere elkarlanean aritu ahal izateko

Trailerra hemen daukazu ikusi nahi baduzu.