Ezagutzetara itzuli

Parte hartzen ere ikasi egiten da: nola sustatu parte-hartzean oinarritutako kultura erakundeetan?

Zergatik espero dugu norbaitek parte hartzea, orain arte horretarako aukerarik izan ez badu?




Pentsa dezagun urteak daramatzazula erakunde batean eta gauzak egiteko moduari buruz zer iritzi duzun inoiz ez dizutela galdetu.

Halako batean, erakundeak parte-hartze prozesu bat martxan jartzea erabakitzen du. Beste lankide batzuekin elkartu, eta zer aldatuko zenuketen, zer hobetuko zenuketen edo zer ideia dituzuen galdetzen dizute.

Baliteke oso argi izatea zer ez dabilen ondo. Baina kosta egiten zaizue azaltzea. Ideiak ordenatzeko denbora behar duzue. Edo, besterik gabe, ez zarete eroso sentitzen zuen arduradunaren aurrean hitz egiten.

Eta saioa amaitzean, ondorio azkarregi bat atera daiteke:

«Jendeak ez du nahi parte hartzerik».

Baina nola espero dugu norbaitek parte hartzea, orain arte horretarako aukerarik izan ez badu?

ZERGATIK KOSTATZEN ZAIGU BATZUETAN PARTE HARTZEA?

Askotan, parte-hartze falta jarrerarekin lotzen dugu: batzuk parte hartzeko gogoa dute, eta beste batzuk ez.

Baina parte hartzen ere ikasi egiten da, eta praktikarekin lantzen den zerbait da.

Urteetan zehar erabakiak pertsonen iritzia kontuan hartu gabe hartu badira, ezin dugu espero dena egun batetik bestera aldatuko denik, parte hartzeko espazio bat irekitze hutsagatik.

Testuinguruak ere badu eragina. Ez da gauza bera iritzi desberdinak entzuten diren talde batean hitz egitea edo erabaki bat zalantzan jartzeak ondorioak izan ditzakeen talde batean parte hartzea.

Parte hartzeko aukera eskaintzeak ez du esan nahi pertsona guztiak horretarako prest edo eroso sentituko direnik.

DENOK EZ DUGU MODU BEREAN PARTE HARTZEN

Parte-hartzeaz hitz egiten dugunean, askotan irudikatzen dugu eskua altxatu eta talde osoaren aurrean bere ideia azaltzen duen pertsona bat.

Baina parte hartzeko modu asko daude.

Batzuek hitz egin aurretik hausnartzeko denbora behar dute. Beste batzuk errazago adierazten dituzte ideiak idatziz. Eta badira talde handi baten aurrean baino talde txikietan hitz egiten erosoago sentitzen direnak ere.

Horregatik, parte-hartze prozesu bat diseinatzerakoan, desberdintasun horiek kontuan hartzea garrantzitsua da.

Banakako hausnarketarako tarteak, binakako edo talde txikietako elkarrizketak eta talde osoarekin ideiak partekatzeko uneak uztartu ditzakegu.

Helburua ez da denek modu berean parte hartzea, bakoitzak bere ekarpena egiteko aukera izatea baizik.

NOLA SUSTATU DEZAKEGU PARTE-HARTZEA TALDEETAN?

Parte hartzeko ohitura duen erakunde bat eraiki nahi badugu, ez da nahikoa saio bat antolatu eta pertsonei zer iritzi duten galdetzea.

Horretarako, zenbait baldintza zaindu behar ditugu:




  • Pentsatzeko denbora eman. Denek ez dute erantzuna prest izaten galdera egiten den unean.
  • Parte hartzeko modu desberdinak eskaini. Hitz egiteko, idazteko, bakarka hausnartzeko edo talde txikietan ideiak partekatzeko aukerak eman.
  • Konfiantzazko giroa sortu. Zalantzak eta desadostasunak adierazteko aukera eman, ondorioen beldurrik gabe.
  • Parte-hartzearen helburua argitu. Zertarako eskatzen diren ekarpenak, zertarako erabiliko diren eta zein erabakitan eragin dezaketen azaldu.
  • Jarraipena eman. Parte hartzen ikasteko, behin eta berriz praktikatzeko aukerak behar dira, ez noizean behingo saioak bakarrik.




Horretan, fazilitazioak zeregin garrantzitsua izan dezake: pertsona desberdinek ekarpenak egin eta elkarrekin lan egiteko espazioak diseinatzen laguntzea, talde bakoitzaren ezaugarriak eta beharrak kontuan hartuta.

PARTE-HARTZEAN OINARRITUTAKO KULTURA EZ DA SAIO BAKARREAN ERAIKITZEN

Batzuetan, asmo handiak izaten ditugu antolatzen dugun lehen parte-hartze saiorako.

Pertsona guztiek hitz egitea, ideiak partekatzea, iritzi desberdinak azaltzea eta proposamenak elkarrekin lantzea nahi izaten dugu.

Baina agian, hori baino lehen, beren iritziak benetan entzuten direla ikusi behar dute. Desadostasunak lasai adieraz ditzaketela sentitu. Eta parte hartzeak zerbaitetarako balio duela egiaztatu.

Konfiantza hori denborarekin eraikitzen da, eta, batez ere, bizitako esperientzien bidez.

Izan ere, parte-hartzea sustatzea ez da denek eskua altxatzea lortzea.

Pertsona bakoitzak bere ekarpena egiteko modua aurkitzeko baldintzak sortzea da.

Eta horretarako, denbora, praktika eta jarraipena behar dira.