Lidergoaren garapena: nork laguntzen die taldeak gidatzen dituztenei?
Zer aukera dituzte talde arduradunek beren zailtasunak partekatzeko, erabakiak beste batzuekin kontrastatzeko edo laguntza eskatzeko?
Asko eskatzen diegu taldeak gidatzen dituzten pertsonei.
Emaitzak lortzea, taldekideei laguntzea, gatazkak kudeatzea, elkarrizketa zailak izatea eta, gainera, erakundearen barruan aldaketak bultzatzea.
Batzuetan, hori guztia aste berean.
Baina zer aukera dituzte pertsona horiek beren zailtasunak partekatzeko, erabakiak beste batzuekin kontrastatzeko edo laguntza eskatzeko?
Gallupen State of the Global Workplace 2026 txostenaren arabera, mundu mailan lanarekin konprometituta dauden arduradunen ehunekoa % 31tik % 22ra jaitsi da 2022tik 2025era.
Datu horrek galdera bat egitera garamatza: behar bezala zaintzen al ditugu gure erakundeko liderrak
ZERGATIK EZ DA NAHIKOA PRESTAKUNTZA BAKARRIK LIDERGOA GARATZEKO?
Lidergoaren garapenaz hitz egiten dugunean, askotan prestakuntzan pentsatzen dugu: feedbacka ematen ikastea, gatazkak kudeatzea, ardurak eskuordetzea edo komunikazioa hobetzea.
Eta hori guztia garrantzitsua da.
Baina talde bat gidatzeak erantzun argirik ez duten egoerei aurre egitea ere esan nahi du.
Nola heldu elkarrizketa zail bati? Zer egin bi taldekideren artean gatazka dagoenean? Nola lagundu taldeari aldaketa baten aurrean desadostasunak sortzen direnean?
Horrelako egoerek ez dute errezeta bakarra.
Horregatik, lidergoa garatzeko, noizean behingo prestakuntza baino zerbait gehiago behar da: eguneroko egoerei buruz hausnartzeko, esperientziak partekatzeko eta besteengandik ikasteko espazioak.
ARDURADUNEN ARTEKO IKASKUNTZA-TALDEAK: ELKARREKIN IKASTEKO AUKERA
Arduradun taldeekin lan egiten dugunean, behin eta berriz ikusten dugu zein baliagarria den talde desberdinak gidatu arren antzeko erronkei aurre egiten dieten pertsonak elkartzea.
Espazio horietan, eguneroko egoerez hitz egin dezakete, erabakiak beste batzuekin kontrastatu, ikuspegi desberdinak entzun eta antzeko zailtasunei besteek nola egin dieten aurre ezagutu.
Batzuetan, baliotsuena honakoa esateko aukera izatea da:
«Ez dakit nola heldu honi».
Eta beste batzuek ere beren buruari galdera bera egin diotela ikustea.
Horixe bilatzen dugu arduradunen arteko ikaskuntza-taldeekin: elkarri laguntzeko, lan egiteko modu berriak probatzeko eta norberaren esperientziatik ikasteko espazioak sortzea.
Gainera, topaketa horiek jarraipena dutenean, ikasitakoa taldean praktikan jarri eta hurrengo saiora galdera eta esperientzia berriekin itzultzeko aukera dago.
Lidergoa garatzeko modu hori presente dago Egile bezalako erakundeekin egiten dugun lanean ere. Bertako arduradunei lagundu diegu denboran zehar garatutako etengabeko prestakuntza-prozesu baten bidez.
TALDEAK GIDATZEA EZ DA BAKARKAKO LANA
Arduradunen arteko ikaskuntza-talde batek ez ditu gatazkak edo erabaki zailak desagerrarazten.
Baina badu alde garrantzitsu bat: pertsonek ez diete erronka guztiei bakarrik aurre egin behar.
Agian denbora gehiegi igaro dugu lider on batek nolakoa izan behar duen zehazten, eta gutxiegi galdetzen zer behar duen bere lana ondo egiteko.
Prestakuntza beharrezkoa da. Baina baita laguntza, elkarrengandik ikasteko aukerak eta elkarrekin hausnartzeko espazioak izatea ere.
Agian erronka ez da pertsona horiei lider perfektuak izatea eskatzea.
Agian erronka da beren lana ondo egin ahal izateko baldintza egokiak sortzea.
Iturria: Gallup, State of the Global Workplace 2026, 7. or..