Ezagutzetara itzuli

Erakundeen kultura gauza txikiekin eraikitzen da

Erakundeen kulturaz hitz egiten dugunean, erraza da kontzeptu handietan pentsatzea: enpresa baten balioetan, helburuan, misioan edo izan nahi duen horretan.



Erakundeen kulturaz
hitz egiten dugunean, erraza da kontzeptu handietan pentsatzea: enpresa baten balioetan, helburuan, misioan edo izan nahi duen horretan.

Baina kultura askoz gauza txikiagoetan ere agertzen da.

Adibidez, bilera guztiak hamar minutu berandu hastean.

ZER DA KULTURA KORPORATIBOA?

Erakundeen kultura
enpresa baten eguneroko funtzionamendua definitzen duten portaerek, ohiturek, arauek —idatzita ez daudenek ere bai— eta harremantzeko moduek osatzen dute.

Kultura erabakiak hartzeko moduan dago, gatazkei aurre egiteko eran, informazioa partekatzeko moduan edo norbaitek akats bat egiten duenean gertatzen den horretan.

Eta askotan ez digu inork azaldu behar gauzak nola egiten diren.

Begiratuz ikasten dugu.

BILERA GUZTIAK BERANDU HASTEA ERE KULTURA DA

Imajinatu erakunde batean lanean hasi berri zarela.

Bilera bat duzu 10:00etan.

9:58an mahaitik altxatu zara bilera-gelara joateko, baina inguruan ez da inor mugitu.

Zain egon zara.

10:03an norbait altxatzen hasi da. Gero beste bat. Eta, azkenean, bilera 10:10ean hasi da.

Hurrengo astean gauza bera gertatu da.

Eta seguruenik hurrengo bileran zu ere 10:07an altxatuko zara.

Inork ez dizu esan erakunde horretan bilerak berandu hasten direla.

Baina ikasi egin duzu.

Eta, ziurrenik, zuk ere berdina egiten amaituko duzu.

Hori da kultura.

ERAKUNDE BATEKO IDATZI GABEKO ARAUAK

Pertsona bat erakunde berri batera iristen denean, bere inguruan zer gertatzen den ikusten hasten da berehala.

Nork hitz egiten du gehien bileretan?

Zer gertatzen da norbaitek bestelako zerbait proposatzen duenean?

Nola erantzuten da norbaitek akats bat egiten duenean?

Esan al dezakegu argi ez gaudela ados?

Nork hartzen ditu benetan erabakiak?

Zein portaera onartzen dira eta zein jartzen dira zalantzan?

Egoera txiki horiek guztiek benetako joko-arauak zein diren ulertzen laguntzen digute.

Erakunde guztiek baitituzte idatzi gabeko arauak.

Batzuek dinamika positiboak sortzen dituzte: informazioa partekatzea, behar dugunean laguntza eskatzea, bestelako iritziak entzutea edo egindako akatsak aitortzea.

Beste batzuek, agian, ez hainbeste: adibidez, sistematikoki berandu iristea, elkarrizketa deserosoak saihestea, pertsona jakin batzuek beti azken hitza dutela onartzea edo ados ez gaudenean isilik geratzea.

Portaera horiek behin eta berriz errepikatzen direnean, normaltzat hartzen hasten gara.

Eta normaltzat hartzen ditugunean, kulturaren parte bihurtzen dira.

KULTURA EZ DA DEFINITZEN DENA BAKARRIK, PRAKTIKAN JARTZEN DENA DA

Horregatik, erakunde baten kultura lantzea ez da balio batzuk definitzera mugatzen.

Gure lan egiteko modua balio horiekin bat datorren aztertzea ere bada.

Nola hitz egiten dugun.

Nola hartzen ditugun erabakiak.

Nola lideratzen dugun.

Nola kudeatzen ditugun desadostasunak.

Nola egiten ditugun bilerak.

Izan ere, kultura egunero eraikitzen da, ia konturatu gabe ikasi eta errepikatzen ditugun portaera txikien bidez.

Beraz, erakunde baten kultura ulertzeko, agian galdera oso sinple batetik has gaitezke:

Zer ikasten du pertsona berri batek lehen asteetan, inork azaldu beharrik izan gabe?

Baliteke galdera honen erantzunak gure kulturari buruz uste baino askoz gehiago esatea.