Kultura-eraldaketa: esaten duguna eta egiten duguna bat ez datozenean
Erakunde-kultura ez dute enpresa batek aldarrikatzen dituen balioek bakarrik definitzen. Erabakiak hartzeko moduan, ardurak banatzeko eran eta aitortzen ditugun jokabideetan ere islatzen da.
Talde autonomoak nahi ditugu, baina erabaki gehienek hainbat arduradunen oniritzia behar dute.
Sailen arteko elkarlana sustatu nahi dugu, baina sail bakoitzaren emaitzak bakarrik aitortzen ditugu.
Pertsonak hobekuntzak proposatzera animatzen ditugu, baina gero ez dugu denborarik hartzen ideia horiek praktikan jartzeko.
Eta parte-hartzeaz hitz egiten dugu, nahiz eta bileretan ia beti pertsona berberek hitz egiten duten.
Ezagunak egiten zaizkizue kontraesan hauek?
Horrelako egoerak sarri aurkitzen ditugu erakundeei kultura-eraldaketako prozesuetan laguntzen diegunean.
Eta ez dira beti borondate faltaren ondorio izaten. Askotan, urteetan zalantzan jarri ez ditugun ohiturak eta lan egiteko moduak daude atzean.
Zergatik da hain zaila erakunde-kultura eraldatzea?
Erakunde-kultura ez dute enpresa batek aldarrikatzen dituen balioek bakarrik definitzen. Erabakiak hartzeko moduan, ardurak banatzeko eran eta aitortzen ditugun jokabideetan ere islatzen da.
Horregatik, ez da nahikoa beste modu batera lan egin nahi dugula esatea, betiko arauekin jarraitzen badugu.
Batzuetan, erakundeak berak sustatzen ditu aldatu nahi dituen jokabideak.
Kultura-eraldaketako prozesuetan ohikoak diren lau kontraesan
1. Autonomia nahi dugu, baina kontrolari eusten diogu
Gure taldeengan konfiantza dugula esaten dugu, baina erabaki asko hartzeko arduradunen baimena behar izaten da.
Galdera: zer erabaki har ditzakete pertsonek baimenik eskatu gabe?
2. Elkarlana nahi dugu, baina lehia saritzen dugu
Sailen arteko elkarlana eskatzen dugu, baina ezarritako helburuek elkarren artean lehiatzera bultzatzen dituzte.
Galdera: zer ari gara benetan aitortzen, elkarrekin lortutako emaitzak ala sail bakoitzarenak?
3. Berrikuntza nahi dugu, baina ez dugu probatzeko tarterik uzten
Ideia berriak proposatzera animatzen dugu jendea, baina eguneroko presak eta lehentasunek beti hartzen dute aurrea.
Galdera: zer aukera dituzte pertsonek gauzak beste modu batera egiten probatzeko?
4. Parte-hartzea nahi dugu, baina beti pertsona berberei entzuten diegu
Parte hartzeko bilerak antolatzen ditugu, baina ez dugu aztertzen nork hartzen duen hitza, nork erabakitzen duen edo nola jaso ditzakegun ikuspegi desberdinak.
Galdera: pertsona guztiek beren ekarpena egiteko baldintza egokiak sortzen ari al gara?
Nola pasa hitzetatik ekintzetara?
Kultura eraldatzeko, lehenik eta behin, eraiki nahi dugun kulturaren eta egunerokoan bizi dugunaren arteko aldeak identifikatu behar ditugu.
Baina kontraesan horiek ikustea ez da nahikoa. Zergatik gertatzen diren ulertu eta horiek mantentzen dituzten lan egiteko moduak berrikusi behar ditugu.
Zergatik kostatzen zaigu erabaki batzuk besteen esku uztea? Zerk zailtzen du sailen arteko elkarlana? Zer gertatzen da norbaitek gauzak egiteko modua aldatzea proposatzen duenean?
Kontua ez da errudunak bilatzea, baizik eta galdera horiei buruz hitz egitea, erabakiak hartzea eta funtzionatzen ez duena aldatzea.
Izan ere, ezin dugu espero pertsonek beste modu batera jokatzea, betiko baldintzak mantentzen baditugu.
Agian, hasteko, galdera hau egin beharko genioke geure buruari:
Zer egiten ari gara gaur eraiki nahi dugun kulturarekin bat ez datorrena?