Adimen artifiziala enpresetan: gure lan egiteko modua eraldatzen ari gara?
Erakunde batean adimen artifiziala txertatzeak ez du zertan lan egiteko modua aldatu.
Adimen artifiziala (AA) erabil dezakegu dokumentuak idazteko, aurkezpenak prestatzeko edo informazioa denbora gutxiagoan laburbiltzeko.
Eta, hala ere, betiko bilera amaigabeak, koordinazio-arazoak eta erabakiak hartzeko zailtasunak izaten jarrai dezakegu.
Gallupen State of the Global Workplace 2026 txostenaren arabera, adimen artifiziala txertatu duten AEBetako erakundeetan inkestatutako pertsonen % 12 baino ez dago guztiz ados teknologia horrek erakundearen lan egiteko modua eraldatu duela dioen baieztapenarekin.
Adimen artifiziala beste modu batera lan egiteko erabiltzen ari gara, ala orain arte egiten genuena azkarrago egiteko?
ZERGATIK EZ DA NAHIKOA ADIMEN ARTIFIZIALA TXERTATZEA ERAKUNDE BAT ERALDATZEKO?
Adimen artifizialari esker, zenbait zeregin modu eraginkorragoan egin ditzakegu, baina horrek ez du esan nahi erakunde osoaren funtzionamendua hobetuko denik.
Pentsa dezagun adimen artifizialari esker txostenak denbora erdian prestatzen dituen talde batean.
Hobekuntza bat da, zalantzarik gabe. Baina txosten horiek bost onarpen-maila igaro behar badituzte oraindik, edo sailen artean informazioa partekatzen ez bada, arazoetako askok hor jarraituko dute.
Teknologiak zeregin bat egiteko modua alda dezake, elkarrekin lan egiteko modua aldatu gabe.
Horregatik, adimen artifiziala txertatzea aukera ona izan daiteke gure prozesuak berrikusteko eta zenbait lan egiteko modu zalantzan jartzeko.
LIDERGOAREN ROLA ADIMEN ARTIFIZIALA TXERTATZEKO GARAIAN
Gallupen txostenak agerian uzten du arduradunen babes aktiboak lotura estua duela adimen artifizialaren erabilerarekin eta pertsonek haren eraginaz duten pertzepzioarekin.
Ez da nahikoa pertsonei tresna bat eskura jartzea eta beren kabuz eguneroko lanean nola erabili asmatuko dutela espero izatea.
Taldeek orientazioa behar dute, baita gauza berriak probatzeko eta ikasitakoa, zalantzak zein kezkak partekatzeko aukerak ere.
Aldaketa-prozesuetan pertsonei laguntzea ere lidergoaren parte da.
ADIMEN ARTIFIZIALAREN BIDEZ ENPRESEN LAN EGITEKO MODUA ERALDATZEKO BOST GAKO
Zein tresna erabili edo zenbat lizentzia kontratatu erabaki aurretik, merezi du geure buruari galdera batzuk egitea:
1. Zer hobetu nahi dugu? Irtenbide teknologikoak bilatu aurretik, hobetu beharreko prozesuak edo konpondu beharreko arazoak identifikatzea.
2. Zer egiteari utzi beharko genioke? Dagoeneko baliorik eransten ez duten lan egiteko moduak zalantzan jartzea.
3. Nola ikasiko dugu elkarrekin? Gauza berriak probatzeko, esperientziak partekatzeko eta akatsetatik ikasteko espazioak sortzea.
4. Zer erabaki berrikusi behar ditugu? Ardurak argitzea eta erabakiak hartzeko moduak berrikustea.
5. Nola lagunduko diegu pertsonei? Haien zalantzak entzutea, orientazioa eskaintzea eta aldaketa-prozesuari jarraipena ematea.
Kontua ez da hasieratik erantzun guztiak izatea, baizik eta ikasteko eta gure lan egiteko modua egokitzeko baldintzak sortzea.
ERALDAKETA EZ DAGO TEKNOLOGIAREN ESKU BAKARRIK
Adimen artifizialak eskaintzen dizkigun aukerak baliatzeko, prozesuak berrikusi, ohiturak zalantzan jarri eta pertsonei lagundu behar diegu.
Izan ere, teknologia guztiz berria izan dezakegu eskura, eta betiko moduan lan egiten jarraitu.
Agian, geure buruari egin beharreko galdera honakoa da:
Tresna berri bat txertatzen ari gara, ala aukera hori baliatzen ari gara gure lan egiteko modua eraldatzeko
Iturria: Gallup, State of the Global Workplace 2026, 4. eta 9. orrialdeak.